XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta esparadrapoz bete eskua eskaini zion pilotariak.

- Horrela bai. Bale.

Eta biak adiskide kutun pareja bat bezala sartu ziren frontoian, jendearen txaloaldirik beroenaren artean.

Denek zutik, bere heroirik handiena balitz bezala hartu zuten, beharbada areago bere dirua galtzeko arriskua gainditzen zela ikusteagatik, admirazio egiati batek bultzatua baino, zeren gero argi ikusi baitzen ez ziotela inola ere barkatu horrelako desplantea.

Partidua bukatu eta, enpresariarekin zuen afaria mespretxatuz, ene motorrean joan ginen Bergara aldean zegoen taberna batetara, baina aldez aurretik Elgoibarrera joan erazi zidan hemen ijito adiskide batzuk zituelako.

Hauek ere gurekin etorri ziren Bergarako errestaurante dotore batetara afaltzera.

Jendeak ez zuen ongi ikusten gure mahaia, baina pilotaria gustora zegoen ijito haiekin ingurune haietako historio zahar eta gutxi ezagunak konta erazten, bereziki hauek baserritar lankorrak engainatzeko zuten abileziaz.

Ez soilik, ordea, abere eta ganadu asuntuetan, baina baita gona arazoetan ere.

Zein arrotza egiten zitzaidan fazeta berri eta ezezagun hori.

Pilotari hark memento haietan ez zuen inolako zerikusirik neska tabernari gaztearen aurrean bihurtzen zen lotsati eta ahalkeberarekin, detaile guztiez morboez jabetu nahi baitzuen gau hartan.

- Eta zuk, zeini jarri dizkiozu adarrak, Lukas? - Nik...? - Ijitoak ez zekien zer erantzun ere.

- Esaidak egia, han ezkina hartan dagoen botikario hari, ezta?.